XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gela akoltxatua zegoen, eta, zuzendariak utzitako zirrikitutik, nire laguna ikusi nuen ohe gainean eserita, pijaman.

Burua altxa zuen bisita zeukala zentitu zuenean, eta bi eskuak altxa zituen antiajuetara.

Ez nion ezagutzen jestu hura.

Berria zuen, eta hogeitamar urtetako pertsona batena baino gehiago, ume urduri batena zirudien.

Zuzendariak pasatzeko esan zidanean, beragana egin nuen, poliki poliki.

Eskuak antiajuetara joan ziren berriro.

Martin, zer moduz hago? esan nion ahalik eta alaiena, eta besoak aurreratu nizkion, besarkada eske.

Portaera hori iruditu zitzaidan egokiena, zeren, lagun zaharrak izanik, eta etxe berean luzaro bizi izandakoak, urtebete inguru baigeneraman elkar ikusi gabe.

Eta hartan, bera nigarka hasi zen, eta, izuturik, gelaren anguloan kuxkurtu zen; eta hainbesteraino ezkutatu nahi izan zuen non, orma akoltxatu hura zapalduz, antiajuak puskatu zitzaizkion.

Nigarra garrasi bihurtu zen orduan.

Eta biak, nigarra zein garrasia antiajuen jestu berri hura bezala bizpahiru urtetako haurrarenak bezalakoak ziren.

Zuzendariak pasilura atera ninduen, eta gelara itzuli zen.

Ordulaurden batez sentitu nuen han barruan, nire lagunari hitz goxoak esaten.

Eta kantatuz ere bai zenbaitetan.

Zer gertatzen zaio? galdetu nion atera zenean.

Izerditan nengoen.

Ez zaitu ezagutu.

Harrituta, hori nola izan zitekeen galdetu nion nik.

Oroimenik ez dauka, eta oso ikaratuta dago.

Duela hilabete edo, artean bere izenak zerbait esaten zion.

Orain, ezta horrek ere.

Berak ere oso kezkatua zirudien.

Hartuko al zenuke kafe bat? konbidatu ninduen ondoren.

Ezbairik gabe, aintzat hartzeko moduko gizona zen.

Lorategiaren gaikalde batean zegoen pabiloira joan ginen, bertako medikuen egonlekura edo.